Inicio menú local
Edukiaren hasiera
Hemen zaude: Hasiera » Findegia » Proiektuak » URF
Finketaren sektorea, beste edozein ekonomia-jarduera bezalaxe, etengabe egokitu behar zaio merkatuari. Petronorren, jakina, ez gaude eragin horietatik kanpo, eta, horrexegatik, URF Proiektua (fuel-olioa murrizteko unitateak) gauzatzeari ekin diogu. Proiektu horren barruan, findegiaren ekoizpen-egitura moldatuko dugu fuel-olio gutxiago kontsumitzeko eta gasolio-eskaera indartsuari erantzuna emateko. Proiektuaren bidez, halaber, lehengaien hornikuntza ere hobeto bermatu ahal izango dugu, ugariagoak diren gordin-motak lor daitezkeelako, eta orain arte ekoizten ez genuen produktu solidoa lortuko dugu: petrolioaren kokea.
Orain arte fuel-olioa eratzeko erabiltzen genituen petrolioaren osagai astunenak (kupelaren hondoak) eraldatu egingo ditugu, eta, haiekin, eskaera handiagoko produktu arinagoak ekoitziko ditugu: gas likidotuak (propanoa, butanoa), gasolina eta gasolioa. Eraldaketa hori gauzatzeko, petrolioaren konbertsio termikoa egin behar da, eta, horretarako, gasolio gordinean dauden pisu molekular handiko molekulak hautsi behar dira, gasolio gordina oso tenperatura handian berotuz (500 Cº).
Prozesu horren bidez, bada, hidrokarburoen sorta zabala lortzen da, eta, hala, une honetan eskaera handia duten erregaien produkzioa (gasolina eta gasolioa) handitu egin daiteke, lehengai kopuru bera erabilita. Unitateak, findegiaren gainerako atalek bezalaxe, prozesu jarraituan badihardu ere, ganberek 16 eta 18 ordu bitartean irauten dituzten txandakako zikloak jarraituz jarduten dute. Prozesua guztiz automatizatuta egoten da, eta bi aldi ditu: erregaia eratzeko eta kokea lortzeko aldia, batetik, eta, ganberaren barruan sortutako kokearen ohantzea arazteko eta ebakitzeko aldia bestetik. Koke-ohantzea arazteko, egokitzeko eta ebakitzeko eragiketa guztiak sistema itxian gauzatzen dira, eta azpimarratzeko moduko ezaugarria da hori.
Bestalde, proiektuaren garrantzia horren handia denez, findegiaren maila guztiek hartzen dute parte hartan, eta, beraz, sistema eta azpiegitura ugari egokitu behar zaizkio eskema berriari. Moldatu beharrekoak dira, besteak beste, segurtasun-sistemak, suteak hautemateko eta horiei aurre egiteko sistemak, gasak zuzitik askatzeko sistemak, komunikazioak, laguntza-zerbitzuak emateko eta banatzeko azpiegiturak, unitateak elkarrekin lotzeko lerroak, produktuak biltegiratzeko eta bidaltzeko sistemak, solteko gaien kamioiak zamatzeko tokia eta abar.
Gure proiektuan sartuta daude 2009erako aurreikusitako erregaiei buruzko zehaztapenak betetzeko moldaketa guztiak, hala nola, sufrearen eta gai aromatikoen edukia murriztea, badakigulako jakin moldaketa horiek guztiak ezinbestekoak direla ingurumena egoki zaintzeko. Gainera, industria-jarduera guztiek izan ohi duten arazoari ere aurre egiten dio proiektuak; izan ere, erabilgarri dagoen lur-eremua gero eta murritzagoa da, eta, aldiz, industria-jarduerara iristen ari den hirigintzaren presioa gero eta biziagoa. Petronorrek balio ekologiko handiko eremuak (Barbadun itsasadarra Komunitatearentzako Leku Interesgarria) eta Bizkaiko hondartza jendetsuenetako bat ditu inguruan, instalazioetatik metro gutxira.
Biltegiratzea
Ekoizpen-instalazioak eta solteko gaiak biltegiratzeko eraikina gaur egungo instalazioen barruan egongo dira. Biltegia automatizatua eta itxia izango da, eta materiala gordeko du kamioi bidezko garraiorik ez dagonenean. Hainbat bide aztertu ostean, erabilgarri dauden teknologia onenak baliatzea erabaki dugu. Hala, besteak beste, tutu-erako uhaletan barrena garraiatuko dugu materiala, hautsik ez sortzeko eta transferentzia-kopurua murrizteko; laino lehorra erabiliko dugu, sor daitezkeen partikulak harrapatu eta botatzeko; eta abar. Gainera, solteko gai gehienak itsasontzi bidez merkaturatuko direnez, edukiera handiko biltegia eta banaketa-zentroa ezarri nahi ditugu portuko instalazioetan, industria-instalazioen barruan gai solido gutxiago biltegiratu behar izateko.
Garraioa
Material solidoa gure instalazioetatik portuko bidalketa-eremura garraiatzeko hainbat bide aztertu ditugu (trena, putzupadak, tunela), baina aukera hautatua kamioien bidezko garraioa da. Hala, produktu hori garraiatzeko bereziki prestatutako kamioi-sorta erabiliko dugu, betiere kamioiek ingurumenari eta segurtasunari buruzko berme guztiak betetzen dituztela bermatuta.
Ibilbidearen ahalik eta zatirik handiena findegiaren barnean egingo da, autobide-taularen behealdeko kamioien sartu-irtenerako gunetik karga-eremuraino. Handik aurrera ere, gune beretik abiatuta, ibilbidea barnealdetik egingo da.
Neurri horien bidez, findegiak behar duen ekoizpen-doikuntza eta merkatuaren erregai-eskaera elkarrekin orekatuta egotea lortu nahi dugu, betiere Petronorren ingurumarietan ingurumena zaintzeko eskakizunak zorrotz-zorrotz beteta.
Proiektuaren zifrak
Baimenak lortzen direnetik unitatea abian jarri arte 26 hilabete igaroko direla aurreikusten dugu. Dena den, enpresaren auziari konponbidea ematea erabaki genuenetik prozesuaren aldi guztiak gainditu arte (negozio-plana, bideragarritasun-azterketak, ingeniaritza kontzeptuala, oinarrizkoa eta xehetasunezkoa, eraikitze-aldia eta unitatea abian jartzeko aldia), 7 urtetik gora igaroko dira.
Gure zenbatespenen arabera, proiektuak 752.000.000 euroko aurrekontua izango du. Batez beste, 1.500 lanpostu sortuko ditu eraikitze-aldian, eta, abian jartzen denean, berriz, 100 bat lanpostu zuzen eta zeharkako 240 lanpostu egonkor sortuko ditu.
Lotutako edukiak
Lotutako estekak
Informazio osagarria
Petronor Athletic-ekin
Inicio pie