Petronor

Hemen zaude: Hasiera » Berriak » Blog

  • Autonomiak, ahulen onuragarri

    Ondo dago espainiar autonomien arteko konbergentzia aldarrikatu beharra, baina komeni ere komeni litzateke europar estatuen arteko konbergentzia helburutzat hartzea. Katalanek gogoko ez duten bezalaxe euren produktibitateaz Extremadurako funtzionarioen soldatak ordaindu behar izana, Alemaniako langile soilek ez dute ulertzen zergatik euren zergez Andaluziako golf-zelaiak ureztatu behar diren.
    Krisiak areagotu du espainiar estatuaren ganbaran sekula erabat ihartu ez den autonomien aurkako jarrera. Segurutik hainbat barrutitan nagusitu diren gehiegikeriek, iruzurrek eta ardurarik ezek egoera zaildu baino ez dute egin baina, esanak esan, krisiaren ardatza beste nonbait bilatu behar da.

    Urteak joan eta urteak etorri, Euskal Herria, Katalunia eta Madrid XIX. mendetik dira Andaluzia, Extremadura eta Gaztela-Mantxa baino aberatsagoak, eta ezin gero esan euren arteko aldea azken hiru hamarkadotan handitu denik. Adibidez, 1950 urtean, diktadurarik eta zentralismorik latzenean, Madrilgo errenta per kapita Extremadurakoa baino 3,4 bider handiago zen. Mende erdi geroago, 1,8 aldiz baino ez da. Ezin esan behintzat autonomia-sistema eskualde ahulen kaltetan egokitu denik. Alderantziz, Extremadurak inori onurarik zor izatekotan, demokraziak erakarri zion autonomia-sistemari zor dio, eta ez  Francoren diktadurapeko zentralismoari.

    Gainera, datu guztien arabera, Extremaduran eta Gaztela-Mantxan lanean dihardutenetatik funtzionarioak %26 eta %17 diren artean, Katalunian eta euskal lau herrialdeetan %9 eta %11 dira, hurrenez hurren. Aldi berean ezin ezkutatu, Euskal Autonomia Erkidegoa, Madril eta Nafarroa lehenak diren artean produktibitatez, hezkuntzaz eta ikerkuntzaz gehi garapenaz, Extremadura, Andaluzia eta Gaztela-Mantxa azkenak direna.

    Gertatzen da, ordea, jendearen, ondasunen eta zerbitzuen mugikortasunak aldeak murrizten dituela eta, gainera, garbi ere ez dago batere garbi zein den teoria bi hauetatik egiazkoena, alegia: zenbaiten ustez merkatuak eta lehiakortasunak produktibitatea eta ongizatea suspertzen dituzte eta luzera, beraz, aldeak soildu. Beste hainbaten iritziz, osterantzean, merkatuak eta lehiakortasunak ahaltsuen mesedetan jokatu ohi dute eta, horretara, aldeak gehitu.

    Bada datu bat inoiz gutxitan gogoan hartzen dena. Hainbati entzunez gero badirudi espainiar autonomia-sistemak biztanleen arteko aldeak areagotzen dituela eta, ondorioz, hiritarren arteko elkartasuna inausi. Haatik, inoiz ere aipatzen ez den arren, eskarmentu handiko barne-banaketa duten hainbat estatu sendotan, Erresuma Batuan zein Alemanian kasu, eskualdeen arteko aldeak Espainian baino nabarmen handiagoak dira. Baita Frantzia zentralistan ere.

    Horretara, arazoa beste nonbait dago. Ondo dago, bai, espainiar autonomien arteko konbergentzia aldarrikatu beharra, baina komeni ere komeni litzateke europar estatuen arteko konbergentzia helburutzat hartzea. Katalanek gogoko ez duten bezalaxe euren produktibitateaz Extremadurako funtzionarioen soldatak ordaindu behar izana, Alemaniako langile soilek ez dute ulertzen zergatik euren zergez Andaluziako golf-zelaiak ureztatu behar diren.

    Convergencia regional

    Testuak gauza bat salatu nahi du eta taulak beste bat adierazi: “Una España a dos velocidades. La crisis ahonda las diferencias regionales y pone en peligro la convergencia entre las autonomías" (Actualidad Económica. Julio, 2012).

     
  • Sakarinak minbizia sor dezake...

    Sakarina gozagarriak minbizia eragiten (omen) du. Holaxe, batere ñabardura eta erdipurdikorik gabe, frogatu zuten orain berrogei urte inguru Estatu Batuetan egindako ikerketek. Laborategi-arratoiei egunero eman zitzaien, hainbat hilabetetan, euren pisuaren %5 besteko sakarina eta dezente askori minbizi-tumoreak hazi zitzaizkionez maskurian... Horra, zientzia hutsa, enpirismo nabarmena.

    Kontua da, ordea, gutako edonork norberaren pisuaren %5 besteko sakarina egunero hartuko balu benetan gaixorik amaituko lukeela, larri-larri gainera. Ondorioz, IARC (Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentzia) erakundeak zentzu handiz erabaki zuen egunero hiruzpalau kilo sakarina hartzea kaltegarri samarra izan daitekeela.

    Egia ere bada inork ez duela orain arte frogatu ahal izan sakarinak minbizirik sortzen ez duenik… behar bada ezein laborategik ez duelako oraindik horrenbeste sakarina jateko gertu legokeen giza-akuririk aurkitu. Inork nahi izango balu… bere burua eskaini besterik ez du.

    Esan gabe doa sakarinaren kalteak frogatzeko abian jarritako ikerketak ez zirela egin kontsumitzaileren bat edo beste gaixotu zelako, azukre-biltegiek salmenten murrizketa sumatu zutelako baino. Zientzia hutsa, enpirismo nabarmena. Baina, tira, berrogei urte geroago ere ez da zalantza erabat saihestu.

    Sakarina gozagarria 1879 urtean izan zen lehen aldiz sintetizatua, ikatzetik eratorria, Baltimoreko John Hopkins Unibertsitatean. Egun toluenotik ateratzen da, petroliotik jakina, parazetamola bezalaxe. Petrolioak, txerria bailitzan, denerako ematen baitu.

    Informazio gehiago, hemen

     

     
  • Nerabezaroa gainditu

    Aspaldiotan sarri entzun ohi diegu enpresa-ekimenik sekula euren bizkar hartuko ez dutenei (eta hemen bakoitzak aipa bitza burura datozkion giza-sektore hiperkritiko guztiak) enpresa txiki eta ertainarenak egin dituela behin betiko, kapitalismo erraldoiaren eta neoliberalismo maltzurraren mandiopean.

    Seguru gero egoera zeharo gaiztoa dela baina hainbati entzunez gero badirudi horixe dela, hain zuzen, beraiek nahi luketena, aldez aurretik duten iritzi ezkorra onesteko baino ez bada ere. Miseria mingotsik ere sumatzen dut nik nolabaiteko burutazio malurusean: nik sekula egingo ez dudanez, ez dezatela besteek ere egin, ez nazaten lotsagarri agertarazi.

    Ez, esan bezala egoera ez da inondik ere ona, baina Eustat-ek aditzera emandako datuen arabera 2011ko esportazioak inoiz izandako handienak izan ziren, bai 2009ko zein 2010eko datuen goitik, eta baita krisia hasi aurreko (2008) kopuruen gainetik ere. Eta hazkuntza horretan eragin nabarmena izan zuen gure enpresa txikien eta ertainen nazioarteratze-estrategiak.

    Guztira 2621 enpresa dira Euskal Autonomia Elkartean azken lau urteotan etenik gabe eta normaltasun osoz euren produktuak atzerrian saldu izan dituzten lantegiak. Euretarik gehien-gehienak, txikiak eta ertainak. Oro har, 2011an aurreko urtean baino dezente gehiago (+%18) esportatu zuten, 2009an baino nabarmen ugariago (+%40 ) eta 2008an baino apur bat areago (+%0,4).

    Gaur egun, euskal enpresek denetarik esportatzen dute. Bai ohiko esku-erremintak, makina tresnak eta horni-ondasunak, baina baita ere mediku-tresneria, konpositeak, kontserbak, ardoa (txakolina tarteko), aholkularitza, ikerkuntza, automozioa, softwarea, teknologia berriak etab. etab.

    Hots, merkatua zaila da, bai; nazioarteko multinazional handi-mandien eragina, nabarmena, bai; finantzabiderik eza, larria, bai; baina, hala ere, laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik, edozenbat euskal enpresa txikik eta ertainek mundu-mailan lehiakor izan nahirik diraute. Eta sekula enpresarik sortzeko adorerik izango ez duten teoriko ilustratuek hobe lukete, gutxienez, apalagoak izan eta zuhurrago jardun. Batez ere aurrekontu publikoetatik bizi direnek.

    Lanbide guztiak dira arras errespetagarri eta bakoitzak bere gizarte-funtzioa betetzen du, jakina; baina sekula lanpostu battorik ez sortzeaz gainera lanpostuak sortarazten dituenaren lana ez dela intelektuala uste duenak ez du, oraindik, nerabezaroa gainditu.

    EAEko esportazioak

     
  • Atezaina, beltzez, jakina

    Gorka Iraizoz atezaina beltzez jantziko da, aspaldiko partez, aurtengo denboraldian. Eta gustu-gustura jantziko gainera beltzez, betidanik gehien gustatu izan zaion kolorea delako, bai, baina baita ere Iribar “maiteak” erabili ohi zuena delako.

    Jose Anjel Iribar "Makatza"

    Iribar mutikoa hondartza-futbolean ikusi genuenetakoa naiz ni. Baskonian eta Athleticen jokatu aurretik Joxeanjel nerabea Zarauzko hainbat taldetan ezagutu zutenen garaikidea. Bilboko erdal komunikabideek “El chopo” bataiatu aurretik “Makatza” deitzen zion belaunaldikoa. Auskalo noiz hasi ote zen beltzez janzten, baina zalantzarik gabe beltzez zelairatu zen Iribar, Athletic-en (1962-1980) jokatu zituen 614 partidarik gehien-gehienetan, eta horrela jantzita dirau eta iraungo du euskal futbolaren historian zehar.

    Iribar handiak futbolean egiteari utzi zion Gorka Iraizoz jaio (1981) baino urtebete lehenago baina, hala ere, mito beltza ezinbesteko erreferentzia nabarmena izan zen, hasiera beretik, Iruñeko atezain gaztearentzat.

    Gaur bertan galdetu diot zein ote den gehien gustatzen zaion kolorea eta, birritan pentsatu gabe, beltzaren aukera garbia egin du Gorkak: “Jose Anjel Iribar maitea beti beltzez janzten zen. Nik uste dut onerako dela ohitura horri jarraitzea. Beltzak itxura ona ematen dio atezainari eta, ahal dudan bakoitzean, nahiago dut kolore beltza erabiltzea jolasteko”.

    Atezainaren elastikoa ez ezik, Athletic-en bigarren jantzia ere beltza izango da abuztutik aurrerako hurrengo denboraldian eta lehenengoa, esan beharrik ere ez, ohiko gorri-ta-zuria. Hirugarrena, berriz, oraintsu arte aurreko denboraldian bigarrena izan den gorri-zuri-orlegia, europar kanpainari esker dezente ondo saldu dena.

     Iraizoz

    Athletic beltzaBetiko koloreak...

     
  • Ideologia ote… ala eskola besterik ez?

     

    Bistan da Garoñak ez duela nork defendituko Araban. Bistakoa, komunikabideetan albiste diren denak edo gehien-gehienak kontra dituela. Baina, begien bistakoa ere, hainbatek Garoñaren aurka erabili ohi dituen argudioak ez direla, ene irudiko behintzat, aproposenak.

    Bat etorri ala ez, salatu salatu daiteke Garoñako zentrala zaharkitu samarra dela eta honezkero gainditua duela sorreran atxiki zitzaion iraungitze-data. Ados izan ala ez, adierazi adierazi daiteke Garoñaren ekoizpena ez dela inondik ere espaniar energia-sistema auzitan jartzeko bestekoa eta bihar bertan itxi arren ezer gutxi gertatuko litzatekeela. Hala ere, zer gerta ere, esanak esan, ez dago Garoñaren jarraipena “herri-borondatearen kontrako erabakitzat” jotzerik.

    Behar bada arabarrik gehienak Garoñaren kontra egongo dira egon, baina Garoña ez dago Araban. Eta, besterik frogatzen ez den artean, Garoñako zein inguruko alkate, zinegotzi eta biztanlerik gehienak bertako zentral nuklearrak indarrean jarraitzearen aldekoak dira.

    Honetan guztian ni neu gehien kezkatzen nauena ez da zentrala 2013an edo 2019 itxi behar izanak, zenbaiten jarrerak baino. Alegia, gu gara herria, besteak ez. Guk daukagu arrazoia, besteek ez. Gure jarrera interesbakoa da; besteena, aldiz, baldintzatua. Guk geure buruaren jabe izan behar dugu geureak eta inorenak erabakitzeko. Beste inor ez da ordea gauza euren nahia egiteko eta, are gutxiago, guk zer egin beharko genukeen esateko.

    Normala litzateke pentsatzea jarrera horren atzekaldean nolabaiteko ideologia dagoela. Eta… “eskola” soila besterik ez balitz?