Petronor

Hemen zaude: Hasiera » Berriak » Blog

  • Ene que risas hisimos al pasar por el Sendeja

    Lope Gartzia Salazar, Paulo Ulibarri, Emiliano Arriaga, Migel Unamuno, Resurrección M. Azkue, Gabriel Aresti, Ander Ros… denak ere sartaldeko euskaldunak, denak mintzo izan dira noizbait “sendeja” hitzaren gainean.

    “Ene que risas hisimos al pasar por el Sendeja, chalos y todo nos hiso desde el balcon una vieja…” (Lexicón bilbaino. Emiliano Arriaga, 1896). Zenbat bider ez ote genuen gaztetan hau kantatu zurrutean egin ostean edo erdi lafiatuta. Zatia serioago, berriz, Gabriel Arestik: “Askaotik Sendejara, Bilbaon Esperantza oso mehar, ilun eta laburra da" (Kale artean. Harrizko harri hau. 1970). Mende t´erdi lehenago Paulo Ulibarri okondoarrak bere Gutun Liburuan idatzi zuen : "Orain noa esaten cer igaro zan gau baten ardaoteguiyan Cendessaco corrican” (1823).

    Baina, zer arraio da Sendeja? Bilboko kalea, jakina. Baina zer esangura du? Unamuno bertako semeak erantzun (1886): “Los aldeanos llaman a la Sendeja Zinguiria o Zinguiracale que equivale a calle de lodazal o barrizal”.

    Iritzi berekoa zen nonbait Azkue eta ildo horretatik ikerketa zehatza bezain zorrotza egina du Ander Ros Cubas hizkuntzalariak (2008). Beronen ustez, zingira eta sendeja bikiak ez baldin badira... anaierdiak bai behintzat eta, zer gerta ere, bata zein bestea latinezko caenica (ciénaga) delakoaren oinordekoak.

    Sendeja

    Hala ere, jakina denez, Bilbon ez ezik Muskizen ere bada oraindik Cendeja kalerik, Bienandanzas e Fortunas (Lope Gartzia Salazar, 1471-1476) denboretatik Petronorren findegia eraiki arte (1972) ingurune horretan ziren faduren lekuko. Baita noizbait Barakaldon, Deuston eta Zarautzen ere, antza, bertako “cinguiras o braços de canal” (1473) tarteko.

     

     
  • Erregai-ekoizpenaren krisialdi europarra

    Aldaketa-garaia ez ezik, garai-aldaketa ari ote garen bizi izaten konturatzeko ez dago Europako petrolio-birfindegiari dagokion sektorearen larrialdiez jabetu baino. Europako birfindegi independienterik handiena den Petroplus konpainia suitzarrak atzo bertan aditzera eman zuenez, bere bost birfindegiak lehenbailehen itxiko omen ditu “ahalik eta baliorik gutxien gal dezaten”.

    Petroplusek bost birfindegi ditu, Cressier (Suitza), Anvers (Belgika) Petit-Couronne (Frantzia), Coryton (Erresuma Batua) eta Ingolstadt (Alemania) hirietan. Oro har, 667.000 upel bezainbateko ekoizpena egunero eta,  guztira, 2.575 langile. Aurrenengo birfindegi biak abenduan itxi zituen, hirugarrena salgai jarri eta ondoko biak berehalakoan itxiko omen ditu, kaudimenik ezaz, 1.342 milioi euroren zorrari erantzun ezinaren ezinez.

    Maldan beherako egoera honen berri estreinako jakinerazi zen aurreko abenduan,  banketxeek 1.000 milioi euro besteko kreditoa ukatu ziotenean Petroplusi. Hamabi dira suitzar petrolio-konpainiaren hartzekodunak eta, nonbait, enpresa ez da gauza izan banketxeek eskatzen zizkioten bermeak segurtatzeko.

    Merkatu-adituen azalpenei jaramonik egingo badiegu, hiru egoera larri elkartu bide dira Europako birfindegi-talde independienterik handienaren gainbeherakada eragiteko orduan. Batetik, esan bezala, Europak bizi duen krisialdiak erakarritako kreditorik eza, hori bai. Baina bestetik, horrez gainera edo, hobeto esan, aldez aurretik, egungo erregai-ekoizpenaren marjinarik eza eta erregai-kontsumoaren murrizketa nabarmena europar gizartearen baitan.

    Hala ere, ezin esan gero hau guztia Europa zaharraren malura baino ez denik. Hamabost egun dira Ipar Ameriketan itxi zela Saint Croix (Virgin Islands) birfindegia, azken hiru urteotan mila eta hirurehun milioi dolar galdu ostean. Han ere, hemen bezala, kreditorik, marjinarik eta kontsumorik ezak dira arrazoietakoak baina bada beste laugarren bat ere: suspertzen ari diren herrialde hasiberrien eskaintza merkeagoa, lehiakorragoa alegia.

    Petroplus

     
  • Eman eta zabal ezazu munduan offshorea

    Hurrengo hamarkadan “offshore” energia eolikoak sekulako aukerak eskainiko dituela-eta, Euskadiko Energia Klusterrak lan-talde aproposa sortu zuen 2009an, berehalako etorkizuna zertan izango aztertu eta sektore honetako euskal enpresek euren eskaintza aldez aurretik prestatu zezaten.

    Ekimen honen ondorioz iaz argitaratu zen Euskadiko Offshore Energia Eolikoaren Katalogoa non, Energia Klusterra, Energiaren Euskal Erakundea eta Euskal Herriko Itsas Foroa bildu ziren sektore honetan lan egin lezaketen laurogei enpresaren zerrenda osatu eta ildo beretsuan elkarrekin abian jartzeko.

    Itsaso gainean ezarri ohi diren haize-erroten sistemari deritzo “offshore” eta, Gamesaren gidaritzapean, nolabaiteko egitasmoa burutu eta landu nahi litzateke, 2020 urtean mundu mailako merkatuak suspertu dezakeen eskariari erantzun ahal izateko. Besteak beste, merkatuaren premiak ikertu, euskal enpresen ahalak aztertu, I+G arloan egin beharreko diru-ezarpenak denboraz bideratu eta erronkari dagozkion oinarriak finkatu, 2012-2015 epealdirako lehenik eta 2015-2020rako gero.  Auskalo ezer handirik erdietsiko ote den azkenean, merkatuak besa. Baina hasteko egintzat jo daiteke inoizko lorpena: euskal laurogei enpresa helburu berberaz elkarrekin kateatzea.

    Paradoxa bada ere, euskal itsasaldea ez da inondik ere aproposena “offshore” energia eolikoa eragiteko, baina nonbait munduan barrena ez da behar besteko  itsasorik falta euskal enpresak hartaz balia daitezen. Itsas haize-errotak izan daitezke, antza, noizbaiteko balea-arrantzaren zein ontziolen oinordekoak. Iparragirreren Gernikako Arbola ereserkiak dioen bezala "eman ta zabal zazu munduan  frutua".

     
  • Ezohizko hidrokarburuen erronka

    "Shale oil" (arbel-petrolioa), "tight oil" (petrolio trinkoa) edo "oil sand " (petrolio-harea) dira ezohizko hidrokarburu berriak, betidaniko petrolioak ahitzen eta garestitzen ari diren heinean nazioarteko merkatuetan gero eta gehiago agertuko direnak. Familia berekoa Araban aurkitu berri den "shale gas" delakoa*.

    Petrolio-mota hauek ez dira inondik ere berriak, aspaldidanik ezagunak baitira, baina euren ustiaketa, petrolio konbentzionalena baino garestiago denez gero, baztertua izan da oraintsu arte. Aurrerantzean, ordea, erreserbak ahitzeaz gainera erregai fosilen eskaria gehitzen ari delarik (ez kopuru erlatiboetan baina bai absolutuetan), ezohizko hidrokarburuek ohikoen kontsumoa ordezkatzeari ekingo diote. Esaterako, 2000 urtean petrolio ez konbentzionalak munduko ekoizpen osoaren %16 besterik ez ziren; 2007an %25 eta 2015ean %40 izango omen dira.

    Une honetan ezohizko petroliorik gehiena Orinokon (Venezuela) eta Albertan (Kanadan) ateratzen ari da, baina oraintsu aurkitu ditu Repsolek-ek nolabaiteko “meatze” ikaragarri handiak Argentinan ere. Aukera hauek guztiek energia-sektorearen oreka aldatuko dute, ezohizko petrolioa kontuan hartuz gero Kanadaren ahalmena Saudi Arabiaren erreserba guztien adina dateke-eta.

    Mota berberonetako gasa (shale gas) da Araban aurkitu berri dena, eta ustiatu ahal izateko hausketa hidraulikoa zein zulatze horizontala deitu sistemak behar izango dituenez gero, hainbat protesta eta jarrera kontrajarri eragin dira han-hemenka.

    Xabier Garmendia Industria eta Energia Sailburuordeak garrantzizkotzat jo du nonbait Jaurlaritzaren iritzia argi eta garbi adierazi beharra eta EEEren webguneaz baliatu nahi izan du jarrera ofiziala azaltzeko.

    *El gas de la discordia

    Shalel gas

    Hamasei dira Europako 'shale gas' arroak Europan. Hamaseigarrena, hain zuzen ere, Basque-Cantabrian arroa.

     

     
  • Petrolioa ote, XXI. mendeko ikatza eta siderurgia?

    Frantzia, Belgika eta Sutziako petrolio-findegietako langile-sindikatuek dei egin diete bost herrialdetako Gobernuei Petroplus enpresaren krisialdia dela-eta hainbat laguntza burutu dezaten. Efe agentziak jakinerazi duenez, sindikatuek ez omen dute nahi  “XXI. mendeko ikatza eta siderurgia izaten amaitu”.

    Bankuek kreditoa ukatu ondotik, Suitzako Petroplus konpainiak Europan dituen bost findegietatik hiru itxi beharra iragarri zuen aurreko astean, Petit Couronne (Frantzia), Anberes (Belgika) eta Cressier (Suitza) findegiak hain zuzen, nahiz Coryton-en (Erresuma Handia) eta  Ingolstadt-en (Alemania) ekoizpenari eutsi.

    Frantziako CGT, CFDT eta CFE/CGC sindikatuek eta Belgikako FGTBk zein Suitzako Uniak dei egin diete herri-erakundeei elkarrekin nolabaiteko egitasmoren bat  indarrean jarri, beharrezko diru-ezarpenak eragin eta milaka lanposturen galera ekidin dezaten.

    Sindikatuek salatu ere salatu dute europar findegiekiko jarreraren berdintasunik eza “Europan findutako petrolioaren produktuek ingurumen eta segurtasun araurik zorrotzenak bete behar dituzten artean, kanpoko herrialdeetatik inportatu ohi direnek gutxieneko baldintzak ez betetzeaz gainera gizarte-dunpina egin ere egiten baitute”.

    Aldi berean sindikatuek gaztigatu dute  Europan findegiak gero eta gehiago murrizteko joera eta inportazio-produktuen kopurua etenik gabe gehitu izana.

    Ixtear dagoen Petroplus Europako  enpresa petrolio-fintzaile independieterik handiena da, 667.000 upel fintzen ditu egunero, 2.500 langile ditu eta azken sei hilabeteotan 300 milio dolar inguru galdu. Likideziari erantzun ahal izateko 1.000 milioi dolarretako kreditoa eskatu du baina banketxeek ez diote onetsi.