Petronor

Hemen zaude: Hasiera » Berriak » Blog » Inorenak ulertzeko ezgaitu samarrak

Inorenak ulertzeko ezgaitu samarrak

Aurreko hiruzpalau egunetan Repsolen eskutik azaldu da Bilboko Arriaga Plazan “Recapacita” izeneko egitasmoa. Repsol Fundazioaren ekintza honen helburua bat baino ez da: ezgaituak eta elbarrituak ez omen garenoi, ezgaituek eta elbarrituek egunero gainditu behar izaten dituzten zailtasunak eta eragozpenak erakutsi, gutxienik lantzean behin haien egoeraz gogoeta egin dezagun.

 “Arkitektura-langa” ezagunak direla-eta, sarri asko uste izaten dugu gurpil-aulkian dabilenaren arazorik larriena eskailerak igotzea dela. Baina bada besterik ere, arruntagorik: nola espaloiz espaloi kalerik kale ibili?; zelan etxeko ezkaratzean zehar bakarrik konpondu, erratza pasatu, mahaia atondu edo zakarrak bota? Inoiz pentsatu al dugu nola arraio bereizten duten itsuek azukrea eta gatza? Eta zelan dakiten mahai-gainean dituzten errotuladoreen artean zein den gorria eta zein berdea edo horia?

Larrialdiaz jabetzeko baino ez bada ere, inoiz atera al zara kalera begiak itxita? “Recapacita” programa ez da ezgaituek eta elbarrituek euren egoeraz hausnartu dezaten burutua, teoriaz batere arazorik ez dugunok haien zailtasunez gogoeta egin dezagun baino. Gu geu gara-eta, gehien-gehienetan, inoren arazoak ulertzeko orduan ezgaitu samarrak garenak.

 Recapacita Jarri... jarri nintzen. Ezin gero jaiki!


Iradokizuna gehitu

 
 
 
<< Itzuli