Petronor

Hemen zaude: Hasiera » Berriak » Blog » Repsol-ek AlgaEnergy konpainiaren % 20 erosi du

Repsol-ek AlgaEnergy konpainiaren % 20 erosi du

Repsol-ek mikroalgen ikerkuntzan aitzindaria den AlgaEnergy konpainiaren % 20 erosi du. Hitzarmenari esker bigarren belaunaldiko bioerregaiak ekoizteko mikroalgak erabiltzeari loturiko Repsol-en ikerketa ildoak osatu eta indartuko dira eta, AlgaEnergy konpainiaren kapitalean sartzean, Repsol-ek arlo honetan gauzatzen duen I+G+B estrategia bizkortu eta dibertsifikatuko da.

Partaidetza horri esker, Repsol oinarri teknologikoa eta kalitate zientifiko handia duen proiektuan arituko da lanean. Proiektuaren bidez, mikroalgetatik eratorritako hainbat produktu hautatu, hobetu, landu eta merkaturatuko dira, CO2 bildu eta finkatzea barne, eta bioerregaiak ekoizteko lehengaiak lortuko dira. Horrekin batera, Repsol-ek arlo bereko beste ikerketa ildo batzuk gauzatzen jarraituko du.

AlgaEnergy konpainiaren % 20ko partaidetzaren erosketa Repsol Nuevas Energías arloaren bidez hezurmamitu da. Sozietateak % 10 kapital zabalkuntzaren bidez erosi du eta beste % 10 konpainiaren bazkide sortzaile Augusto Rodríguez-Villari zuzenean erosi dio. Repsol-ek partaidetza aktiboa izango du konpainian bazkide teknologiko gisa eta Administrazio Kontseiluan bi ordezkari izango ditu.

Repsol eta mikroalgak

Apirilean, Repsol-ek Energia Berrien Negozio Unitatea sortu zuen Josu Jon Imazen zuzendaritzapean. . Bere helburua aukerak identifikatzea, proiektuak sustatzea eta negozio ekimenak bideratzea da, hainbat arlotan: bioenergia, garraioari aplikatuko energia berriztagarriak, eta lan egiten duen ingurune geografikoetan konpainiak egun dituen negozioekin sinergiak izan ditzaketen beste sektore batzuk.

Repsol-ek hainbat ildo lantzen ditu mikroalgak bioerregai aurreratuak lortzeko iturri gisa ikertzeko.

Mikroalgak ordezko aukera eraginkorra dira bioerregaiak lortzeko, jan ere ez baitira egiten. CO2 finkatzeko eta bioerregaien ekoizpenerako lehengai bihurtzeko ahalmen handia dute. Datozen urteetan, beharrezkoa izango da jarduera horren industrializaziorako urratsak egitea, hein handian bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa lortzeko. 

Repsol-ek koordinatzen duen CENIT PIIBE proiektuaren esparruan (Espainian Biodiesela Bultzatzeko Berrikuntza Proiektua), konpainiaren ikerketa lanek garbi erakutsi dute erregaietarako olioak ekoizteko algak erabiltzeak bi eginkizun dituela: batetik, atmosferarako CO2 isuria xurgatzen dute eta, bestetik, landare jatorriko energia sortzen dute, elikaduraren sektorean eraginik ez duten laborantzekin. Horri guztiari esker, egungo gizarteak dituen erronka handietako biri aurre egiten laguntzen da.

Repsol-ek AlgaEnergy  konpainiaren %20 erosi Mikroalgak ordezko aukera eraginkorra dira bioerregaiak lortzeko

AlgaEnergy 2007an sortutako sozietate anonimoa da, esperientzia eta kaudimen handiko enpresaburu talde batek bultzatuta.  Bertako presidentea eta kontseilari delegatua Augusto Rodríguez-Villa da, presidenteordea Juan Mato eta zuzendari zientifikoa Miguel García Guerrero irakaslea, arlo honetan mundu mailako adituetako bat, mikroalgak ikertzen 30 urteko esperientzia duena.

AlgaEnergy-k garapen eta arrakasta aukera handiak ditu, bere patenteei, bere zuzendari taldearen eta talde zientifiko eta teknikoaren kalitateari eta ospe handiko ikerketa zentro eta unibertsitateekiko elkarlan aktiboari esker (besteak beste, CSIC, eta Sevilla, Almería eta Santiagoko unibertsitateak, bertako ikertzaileek nazioartean ospe handia dutelarik arlo honetan). Apirilean, AlgaEnergy konpainiak 2009ko “Madri+d” saria jaso zuen, Oinarri Teknologikoko Enpresa Plan Onenaren alde.

Erosketaren ondoren, AlgaEnergy konpainiako akzio banaketa honela geratuko da: Augusto Rodríguez-Villa (% 45), Repsol (% 20), Perseo -Iberdrolaren Arrisku Kapitaleko Sozietatea- (% 20) eta beste akziodun independente batzuk (gainerako % 15).


Iradokizuna gehitu

 
 
 
<< Itzuli