2020an, 20-20-20
Azken urteotan suspertzen ari diren herrialdeak ikaragarri ari dira energia-kontsumoa gehitzen. Txinaren kontsumoa, esaterako, %200 hazi da milurte hau hasi zenetik hona. Hildo beretik doaz Brasil, India, Errusia eta beste hainbat. Baina europarrok ez dugu inondik ere kanpora joan beharrik errudun bila. Batetik, biztanleko kontsumitzailerik amorratuenetakoak garelako eta, bestetik, oraingo jokabideari eutsiez gero hurrengo hiru urteetan %25 gehituko delako gure energia-kontsumoa.
Europako Batasunak onartu onartu du horrela ez dagoela etenik gabe jarraitzerik eta, 2020 urterako, “20 hirukoitza” delako jomuga jarri dio bere buruari. Hau da, 2020 urterako %20 murriztu, energia-kontsumoa; %20 gutxitu, C02 ixuriak eta %20 gehitu, aldiz, energia berriztagarrien kontsumoa.
Nola helburu hau lortu? Batetik energia berrikuntzaz, eta ez energia berriztagarriak gehitzen ezezik, baina energia fosiletan teknologia berriak ezartzen ere. Eta, bestetik, energia-eraginkortasuna sustatuz, hau da energia-kontsumoa maila, arlo eta esparru guztietan murriztuz, etxean, lantegian zein garraioan.
Jakin beharreko datua: munduan guztion artean kontsumitzen dugun energiaren %31 garraiotan xahutzen dugu, %30 industrian eta gainerako %39 merkataritzan, zerbitzuetan zein etxe-bizitzetan.
Beraz, 2020 urterako Europako Batasunaren helburua beteko bada, guztiok ere garraiotan aurreztu beharko dugu, industrian, dendan, bulegoan, etxean... denean. Guztiok zor diogu ahaleginen bat energia-eraginkortasunari. Bai Administrazio Publikoak, bai sektore ekonomikoek, baina baita hiritar bakoitzak ere.
Energia-kontsumoa %20 murriztu; C02 ixuriak %20 gutxitu, eta energia berriztagarriak %20 gehitu