Repsolek jaso zuen atzo Ramon Rubial Fundazioaren Berrikuntza Saria
Repsol YPF eta Mercedes-Benz España enpresek elkarrrekin jaso zuten, atzo, Ramon Rubial Fundazioak eskainitako Berrikuntza Saria, energia berrien esparruan ikertzen ari diren urraspideen adierazgarri. Repsolen izenean Antonio Brufau presidenteak jaso zuen garaikurra.
Jakina denez, Repsolek Energia Berriak izeneko saila sortarazi zuen aurreko apirilean, Josu Jon Imazen zuzendaritzapean energiaren erronkei erantzuteko aukerabideak ikertu ditzan. Hildo beretik, Repsolek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin sinatu zuten hitzarmena joan zen urrian, autoen karga elektrikoa bideratzeko sistema burutu eta indarrean jartzeko. Eta, era berean, Repsol-Petronor taldeak bertatik bertara parte hartuko du Euskal Lehiakortasun Institutuak sortaraziko duen Energia Katedran.
Bere aldetik, egoitza nagusia Gasteizen duen Mercedes-Benz Españak beste itun bat hitzartua du Eusko Jaurlaritzarekin urtea amaitu aurretik lehen furgoneta elektrikoa merkatura ateratzeko.
Aurtengo hau izan da Ramon Rubial Fundazioak antolatutako laugarren sariketa eta, Berrikuntzari dagokionaz gainera, beste bost sari eman ziren atzokoan, alegia: Elkartasunaz eta Lankidetzaz, Mundukide Fundazioari; Kirolaz, Kaiku Arraun Taldeari; Kulturaz eta Askatasunaz, Ernesto Santolaya komikigileari; Balore demokratikoez, Nelson Mandela buruzagiari; eta Balore sozialistez, Alfredo Pérez Rubalcaba ministroari.
Antonio Brufau, Patxi López lehendakaria eta Emilio Titos