Aurreztearen zein zuhurtasunaren abantailak
Nork ez ditu gero familia bereko bi seme-alaba ezagutzen, bata aurrezkizale zuhurra eta bestea, aldiz, gastatzaile amorratua? Zergatik horren jarrera ezberdinak giro berean hazi eta hezitako bi pertsonaren artean? Inork ez daki. Baina horrela da, edo izan daiteke behintzat. Eta familia bereko bi senitartekoren artean gertatzen dena gertatu ere gertatzen da enpresen, sektoreen eta herrien artean.
Garbi dago 2007an amaitu zela sekula aurretik ezagutu ez zen diru merke eta ugaria, eta geroztik egoera larria dela batez ere ordurarte errazegi, arinegi edo ausartegi aritu izan zirenen artean, pertsonak, enpresak nahiz herrialdeak izan.
Zalantzarik ez gero sektoreen artean gehien sufritu dutenetakoa etxegintza dela. Segurutik behar baino etxe gehiago eraiki ziren denak salduko zirelakoan, eta erosi ere behar baino gehiago eta garestiago erosi ziren, pagotxa harek inoiz amaierarik izango ez zuelakoan.
Herrialdeen artean ere izan da zuhur jokatu duenik eta bere ahalmen gainetik jardun izan duenik. Euren ahalmenen gainetik nabarmen aritu izan direnen artean azpimarragarri Ipar Ameriketako Estatu Batuak eta Espainia. Lehenak neurriz kanpo jokatu zuen mundu guztian zehar (Txinan, Japonian, Errusian eta Hego Korean, batez ere) barreiatuak zituen dolar-erreserbei esker. Estatu Batuak urtetan ibili izan dira autoak Japoniari erosten, petrolioa arabiarrei, fruituak eta barazkiak Mexiko eta Guatemalari, ordenadoreak Taiwani, zerbitzu informatikoak Indiari eta gainerako huskeria guztiak Txinari. Baina euroa sortu eta alternatiba gisa munduan zehar zabaldu zenean, ordurarteko oreka hautsi egin zen. Eta konturatu direnerako, berandutxo.
Espainian gertatu dena, berriz, Europar Batasunarekiko zorabioa izan da. Ez, Europar Batasunaren egitasmoaren zorabioa, egitasmo horretan parte hartzeko baldintzak Espainiak ulertu ez izana baino. Hainbat urtez Espainiak sekulako dirutzak bereganatu izan zituen Europaren Batasunetik azpiegiturak berritzeko baina behar bada diruok ez dira beti azpiegituretan soilik gastatu eta, gainera, Europatik zetorren diru-uholde horrek sortarazi zuen espainiarren artean aberats berriaren sindromea. Amama gero, bertan Bilbon alegia!
Herrialderik aurrezleen artean Txina eta Errusia dira aipagarri. Egia da euren egoera ez dela batere normala, euren sistema ekonomikoak kapitalismora jotzen duen arren, politikaz molde totalitario samarrak baitituzte indarrean. Baina, edozein modutan, arrazoi batez zein bestez ondorioa ukaezina da: lan asko, soldata txiki, kontsumo urri eta, horretara, aurrezpen ugari.
Edozein modutan, honez gero ondotxo frogatua dago demokraziaren aldeko apostua egiteaz gainera, lana, ahalegina, aurrezkia, zorroztasuna eta zuhurtasuna maite dituzten herrialdeek aurrera egiten dutela berandu baino lehen. Eredurik onenetakoa, behar bada, Txile.
