Petronor

Hemen zaude: Hasiera » Berriak » Blog » Hainbat segundo gehiago baino ez

Hainbat segundo gehiago baino ez

Lurraren Eguna ospatu dugu aurreko astean eta, bereziki, han-hemenka, asteburu honetan. Gure Lur honen adinari dagokion  bezainbat kandela jarri gura izango bagenu sekulako tarta egin beharko genuke, sei mila milioi kandela beharko genituzke-eta. Putz egin eta kandelak amatatzeko, berriz, ez genuke zailtasun handiegirik izango, nahikoa litzateke-eta gutariko bakoitzak kandela bana itzaltzea. Gizateria ikaragarri hazi da gero mundua mundu denetik.

Lurraren adina  6.000 milioi urtekoa dela onartuko bagenu eta bizitza luze hori egun bakar bateko 24 ordutan  laburbildu, lehen segundoan sortua izango zen planeta, eta lehen ordu t’erdian eragingo lirateke oinarrizko mineralak. Goizeko bederatzietan bakteriak jaioko lirateke; eguerdi aurreko hamaiketan dena izoztuko; eguerdi aldera, berriz, lehen zelulabakarreko organismo biziak suspertuko, eta ia arratsaldeko zortzi t´erdiak arte itxaron beharko genuke lehen  zelulaniztunak agertu orduko.

Afalaurreko bederatzietan edo agertu ziren zuhaitzak eta urlehortarrak, gaueko hamarretan mamiferoak, gaur erdirako hogei minutu faltan akatu ziren dinosaurioak eta egunaren azken minutoan agertu zen lehen gizakia.

Sarri aipatu izan da saskibaloi-partidetako azken minutoa izugarri luzea izan ohi dela baina, zer gerta ere, ez behintzat, Lurraren bizitzaren azken minutoa baino luzeagoa. Kontu izan azken minutoan ezezik, azken segundoan sortu izan direla sua, nekazaritza, gurpila, Egiptoko piramideak eta geroztik garatu izan diren asmakizun eta teknologia guztiak. Arrapaladan gero, bata bestearen ostean, erreskadan, segundo bakar batean.

  Sekula historian izan den minutorik emankorrenarenak egin du. Orain kontua da, ordea, guztion artean gauza izango ote garen Lurraren bizitza beste minutu batez iraunarazteko edo, txarrenean ere, hainbat segundoz baino ez.


Iradokizunak

iñaki -(e)k idatzi zuen re: Hainbat segundo gehiago baino ez
04-28-2010 0:41

Ta zenbat denbora-segundu emango dute Repsolek eta Petronorek hain konplexu ta orekatu den mundu hau hondoratzen?

Ah, ez, barkatu, Petronorek sekulako mesedea egiten baitio Munduaren osasunari.

Barkaidazu ezjakintasuna!

Ze argazki polita jarri duzun! benetan

Petronor -(e)k idatzi zuen re: Hainbat segundo gehiago baino ez
04-29-2010 18:53

Jakin egizu, adiskide, zuk post hori idatzi zenuen orduan xahutu zenuen argindarraren %9.2 ur-energia izan zela, ikatza %5.5, fueloila %0.0, nuklearra %25,8, gasa %26, haizea %25,2 eta bestelakoak %17.3.

 Bai, arrazoi duzu, argazkia benetan polita. Nik ateratakoa gainera... googletik.

joseba -(e)k idatzi zuen re: Hainbat segundo gehiago baino ez
05-02-2010 13:19

Eta 'bestelakoak' (%17,3) zeintzu dira?

Petronor -(e)k idatzi zuen re: Hainbat segundo gehiago baino ez
05-05-2010 0:14

"Erregimen berezitzat" jotzen direnak. Alegia, eguzki-indarra, biomasa, kogenerazioa etab.

Iradokizuna gehitu

 
 
 
<< Itzuli