Energia adimenduna
Europa EIE II-2010 egitaraua dela-eta, datorren astean Energia Adimendun Jardunaldia eratuko du Energiaren Euskal Erakundeak Bilbon. Besteak beste, energia adimendunaren inguruan egin daitezkeen egitasmoentzako diru-laguntza ofizialak zertan diren azalduko du Jose Ignacio Hormaetxe zuzendari nagusiak. Hau da, industrian, garraiotan, hirigintzan, kogenerazioan zein beste hainbat arlotan energia adimendunaz egin nahi diren proiektuekiko diru-laguntzak.
Zer ote da Energia Adimenduna? Kontzeptu berria, segurutik, baina hurrengo urteetan gero eta sarriago entzun eta irakurri ahal izango duguna, ez baita alferrik energiaren etorkizuna adimenduna izango.
Oro har, eta laburbilduz, energia adimenduna deritzan izenaren atzekaldean bi ideia daude.
Energiaren erronka ezin da inozoa izan
Lehen eta behingoz, energia ezin izango dela inondik ere inozoa izan, argia eta azkarra baizik, adimenduna alegia. Energiaren erronkari ezin izango diogu itsumustuan erantzun, zentzuz eta tajuz baizik, “intelligentsiaz” beraz.
Arazoa globala da, bai mundu osoari dagokionez (ezin izango du inork kanpoan geratu) eta baita energia-mota guztiak (fosilak, berriztagarrriak eta nuklearra) bildu beharko ditugunez gero.
Energiaren Interneta
Gaur egun datuak, irudiak, informazioa eta entretenimendua Interneten sarez datozkigu, eta beretik jardun ahal dugu lanean, hezkuntzan, merkataritzan, medikuntzan zein hainbat zerbitzutan. Eta orain hogei urte ez bezala, denok ulertzen dugu horrela dela eta horrela izan beharko duela hurrengo urteetan. Ba, era berean, ildo beretik, hogei urte barru ere energia sarez etorriko da, baita energiaren erabilpena zein kudeaketa sarez ere egingo.
Izan ere, sarez erabaki ahal izango dugu bakoitzak bere etxean kontsumitu nahi duen energia-mota, zein tarifatan, zein ordutan eta zein hornitzailerekin nahiago duen. Gure argindar-zerbitzua sare-sistema unibertsalaren barruan kokatuko da eta, esate baterako, auto elektrikoa garajean aparkatua dagoen artean kargatu ahal izateaz gainera, gure autoa azpiegitura orokorraren baitan sartua egongo denez gero, sare beretik sistemak gure autoaren argindarra zurrupatu ahal izango du, sarea zentzu bikoizduna izango da-eta, joan-etorrikoa alegia.
Internetak gure informazio-moldeak aldatu dituen bezalaxe, energia-internetak gure energia-kontsumo ohiturak aldaraziko ditu.
