Petronor

Hemen zaude: Hasiera » Berriak » Blog » Energia nuklearraren eztabaida ez da baretuko

Energia nuklearraren eztabaida ez da baretuko

Ipar Ameriketatik dator albistea. Obamaren ardurapeko gobernuak 8.330 milioi dolar jarriko ditu datorren urteko aurrekontuetan erreaktore nuklear berri bi eraikitzeko.  Three Miles Island-eko istripua gertatu zenetik hona, hogeita hamar urte zeramatzaten Estatu Batuetan batere zentral nuklear berririk egin gabe eta, azkenean, paradoxa bada ere,  demokratek egingo dute errepublikarrek egin nahi zutena.

Batzuok eta besteok darabiltzaten arrazoiak ez dira, jakina, berdinak. Errepublikarrek klima-aldaketa ukatzen dute eta, zer gerta ere, ekonomiaren garapena aldarrikatu. Demokratek, ostera, klima-aldaketaren arriskua azpimarratu ezezik,  CO2 ixuririk ez duen energia “garbitzat” jotzen dute nuklearra. 

Gaur egun 56 dira munduan zehar eraikitzen ari diren erreaktore nuklearrak, Asian batez ere. Hain zuzen ere, 21 Txinan, 6 Korean eta 5 Indian., Iran-en zertan ari ote diren kontuan hartu gabe. Horrez gainera, Japonia betidanik agertu izan da energia nuklearraren aldeko, Europan Frantzia bezalaxe.

Zalantzarik ez gero Obamaren erabakiak erabateko eragina izango duela energia nuklearraren gaineko eztabaidan. Inork ez du ukatzen hurrengo hogeita hamar uteko erronkak energia fosilen, berriztagarrien eta nuklearraren arteko “mixa”  eskatuko duela. Eztabaida, inon egotekotan, tarta-banaketan dago. Baina Nazioarteko Energia Agentziaren arabera ez omen da oraingo aldean, ehunekotan behintzat, aldaketa handirik izango. Hiru energia-motak behar izango dira, hori bai, eta hiruetarik orain baino dezente gehiago gainera. Energia nuklearraren eztabaida ez da, beraz, berehalakoan baretuko.

Three Miles Island-eko istripuaren ondotik, hogeita hamar urte zeramatzaten Estatu Batuek batere zentral nuklear berririk eraikitzeke

 


Iradokizunak

Baranda -(e)k idatzi zuen re: Energia nuklearraren eztabaida ez da baretuko
02-18-2010 16:21

Egun baten esan beharko duzu zu nuklear energiaren aldez zaren edo kontrakoa zaren

Petronor -(e)k idatzi zuen re: Energia nuklearraren eztabaida ez da baretuko
02-19-2010 0:29

Norbaitek esana da kilowattik garbiena dela kontsumitzen ez dena. Eta, ildo beretik, energia-motarik onena ere, beharko ez genukeena. Kontua da, ordea, zoritxarrez, energia-mota guztiak behar izango ditugula.

Nik, aukeran, ez dut energia nuklearrik nahi. Aukeran ere, ez nuke energia fosilik nahi. Eta, aukera kontua baino ez balitz, nahiago nuke batere energia-motarik gabe bizi ahal izana. Baina, arazoa da, ordea, kontua ez dela nik zer nahi izango nukeen.

Iraunkortasuna ez da amets egitea, ez Errege Magoei gutuna idaztea, ezta nork bere burua engainatzea ere. Iraunkortasuna da guk gaurregun dugun ongizateak ondorengoen artean ere irauterik izan dezan segurtatzea.

Eta, datu eta itxura guztien arabera, hurrengo hogeita hamar urteetan hiru energia-motak behar izango ditugu: fosilak, berriztagarriak eta nuklearra.  Eta besterik uste duenak esan dezala zelan.

Iradokizuna gehitu

 
 
 
<< Itzuli