Edozein gezurrek balio du sasiegia defenditzeko
Azken egunotan zenbait komunikabidetan agertu denez, 1996tik 2003ra bitartean Muskizaldean hil ziren pertsonen batez besteko kopurua Euskadiko Autonomia Erkidegoan aldi berean hil zirenena baino handiagoa omen da. Hain zuzen ere, %14 gehiago gizonezkoen artean eta %12 gehiago emakumezkoen artean. Heriotzarik gehienak, berriz, biriketako gaitzez, hainbat minbizi-motaz, endekatze-gaixoz eta erremediorik gabeko tumorez. Informazio honi erantsi zaio, pasadizoan, Petronor findegia Muskizen bertan dagoela.
Ezertan hasi aurretik aitortu behar da oinarrizko datuok egiazkoak direla bete-betean. Hau da, EUSTATen ikerketen arabera, Muskizaldeko hilkortasun edo heriotza-tasa Euskadi osoaren batez bestekoa baino altuagoa da, heriotzarik gehienak aipatutako gaixoengatik gertatzen dira eta, esan beharrik ez, inguru honetako enpresarik handiena Petronor dela. Kontua da, ordea, datuak zehatz mehatz benetakoak izanik, ez dela inondik ere egia informazio horri darion ezinbesteko susmoa. Alegia, atzekoz aurrera, Petronorren eraginez Muskizen beste inon baino jende gehiago hiltzen dela eta minbiziz zein biriketako gaitzez gainera.
Beste modu batez esanda, oinarrizko datuak egiazkoak izanik, ondorioak zuzenak al dira?
Egia edo da, bai, Muskizaldeko heriotza-tasa Euskadikoa baino %14 altuagoa dela (zehatz mehatz, %17). Baina hori egia izanda, egia ere bada, esaterako, Otxandion %43 handiagoa dela, Zeanurin %50, Diman %62 eta Karrantzan, berriz, %86 handiagoa. Honek zer esangura ote du, Otxandioko, Zeanuriko, Dimako edo Karrantzako ingurumena Muskizkoa baino eskasakoa dela? Menturaz, ardiz eta behiz inguratua bizi beharra kaltegarriago ote? Ez, halakorik ez. Inondik ere ez. Arrazoi bakarra da Muskizaldeko biztanleak Euskal Autonomia Erkidegoaren batez bestekoak baino zaharragoak direla, eta Otxandio, Zeanuri, Dima eta Karrantzakoak, ostera, Muskizkoak baino zaharragoak. Eta zaharrek, besteak beste, arazo bat dute: hil egiten direla eta, normalean, gazteak baino sarriago eta gehiago gainera.
Egia ere bada, jakina, zaharrak biriketako gaitzez, minbiziz, endekatzez eta tumore gaiztoz hiltzen direla baina, hain zuzen ere, horixe da, normala. Bai Muskizen eta bai Karrantzan. Eta, jakina, baita gutxienez Europa guztian ere. Ez dira behintzat hilgo elgorriz, gauerdiko moto-istripuz edo mendigoizalearenak egiten.
Dena dela, larriena ez da datuon interpretazio okerra, maltzurra baizik. Datu horiek kaleratzen dituenak horrenbeste badaki. Eta, hala ere, datuok manipulatzen ditu hobe beharrez, ingurumenaren izenean, salbatzailearenak eginez: bere sasiegia hain segurua da eze, beharrezko defentsa egiteko gezurrak ere balio baitio. Batere lotsa eta espanturik gabe, gainera.

Hona, adinez adin, heriotza-arrazoien artean gaitzik ohikoenak Europako Batasunean