Petronor

Hemen zaude: Hasiera » Berriak » Blog » Plastikozko poltsaren kontrako adar-jotzea

Plastikozko poltsaren kontrako adar-jotzea

Ez da gero batere erraza edozenbat milioi euroren truke hainbat merkatal-enpresak indarrean jarri duen kanpainaren kontra aritzea. Baina, aspaldiotan giroa dezente baretu denez gero, zilegi bekit esatea plastikozko poltsak ez erabiltzeko leloa adar-jotze hutsa baino ez dela. Ez dezagun gero geure burua engainatu. Benetako arazoa ez da plastikozko poltsa, hiritarrok hartaz egin dezakegun  erabilpen okerra baino.

Honez gero beste hainbat herrialdetan egindako esperientziek frogatu izan dute plastikozko poltsen erabilpen normalak ez duela kudeaketa iraunkorra eragozten, alderantziz baizik. Hau da, edozein plastikozko poltsa bizpahiru aldiz erabili eta, azkenean, zakar-poltsa modura jaurtiz gero edota, dagoen-dagoenean, ontzi horira botaez gero, berau dela besterik gabe ingurumen aldetik soluziorik onena.

Egia da, bai, plastikozko poltsak edozein bazterretan aurkitu daitezkeela hondakin gisa, hondartzan zein mendian edota olgeta-parketan, baina ez al da gero izango hainbat urtetan doan banatu izan direlako? Guztiok dakigu ordaintzen ez denak ezer gutxi balio duela eta, hain zuzen, ez ordaintzera ohitu gaituzte luzaro asko.

Ez da egia, ordea, plastikoak 400 urte iraun dezakeenik degradatu gabe. Batetik, d2w marka daramaten plastikozko poltsak 18 hilabetetik aurrera hasten dira alferrik galtzen eta 200 gradutan birziklatzen dira, beirak 1.300 gradu behar dituen artean.

Ez. Ez dezagun geure burua engainatu. Ez duena balio zera da, erosketak egiteko ere autoa hartzea eta gero, norberaren kontzientzia lasaitzeko edo, plastikozko poltsa gaixoari errua leporatzea.

Ingurumena zaintzeaz benetan arduratu nahi duenak badaki zer egin behar duen. Lehen eta behingoz auzoko dendan erosi. Gero, plastikozko poltsak behin baino gehiagotan erabili. Ondoren zakar-poltsa modura zakarrontzira bota. Eta, zakarrik ez balu, kontainer horian utzi. Eta kitto.

  


Iradokizunak

Felix -(e)k idatzi zuen re: Plastikozko poltsaren kontrako adar-jotzea
12-09-2009 16:46

Ez duzu esaten plastikozko boltsak polimerozkoak dirala, petroliotik ataratakoak. Batzuk pentsatu ahal dugu zeure interesak defenditzen zagozala.

Amatiño -(e)k idatzi zuen re: Plastikozko poltsaren kontrako adar-jotzea
12-10-2009 19:13

Arrazoi apurtxo bat duzu. Baina nik ezin badut plastikozko poltsen defentsa zentzuzkorik egin... aldi berean pentsatu beharko genuke plastikozko poltsak eman nahi ez dituzten hipermerkatuek dirua aurreztu baino ez dutela nahi. Eta, hurrenez hurren, paperezko poltsak nahiago dituztenak basoen kontra daudela, eta barazki-bandejak erosten dituztenak euskal baserritarren kontra, eta...

Iradokizuna gehitu

 
 
 
<< Itzuli