Muskiztarrek Agate Deuna ospatuko dute gaur, auzoz-auzo martiriaren omenean kantatuz.
Arratsaldeko 18:00etan ibilbideari hasiera emango zaio Meatzari Plazan, ondoren gainerako auzoetatik jarraitzeko: San Juan, Errota Zahar, Arkazieta, Autonomia, Ikurriña Plaza, Ojillo, Antonio Trueba eta Kruzero.
Euskal Herrian XIV. mendean hasi zen Agate Deunarenganako debozioa, Santiago bidetik zetorren jendeak ekarrita. Baina bere istorioaren jatorria Italian dago. Agate Deuna martiria Sizilian jaio zen k.o 230. urtean. Garai hartan Siziliako irlaren nagusi zen Quintianus neskaz maitemindu zen, baina Agedak ez zion kasurik egiten Jaungoikoari eskeinia baitzegoen. Quintianus neskatoa ezin zuela lortu ikustean torturatu eta bularrak moztu zizkion. 251. urtean 21 urteko Ageda hil zen. Harrez geroztik, martiria haurtxoen eta bularreko gaixotasunen bat duten emakumezkoen zaindaria da.
Euskal Herrian Agate Deunaren inguruko ohitura desberdinak daude: erromeriak, kanpai jotze luzeak, kandelak piztu, etab. Muskizen, toki gehienetan bezala, herriko jendea, makila bana eskuan hartuta, eta lehengo janzkeraz, auzoz-auzo ibiltzen da martiriaren omenezko kanta abestuz. Aintzinean, etxez-etxe, oles egiten, dirua edo janaria eskatzen zen, baina gaur egun bakarrik kantatzen da.
Agate Deunaren abestiari dagokionez, hainbat bertsio daude, baina nik Muskizko Ikastolan ikasi eta kantatzen genuena erakutsiko dizuet. A ze nolako garai zoriontsuak, inoiz ahaztuko ez ditudanak!
Agate Deunaren abestia
Aintzaldun daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate
etxe honetan zorion hutsa
betiko euko al dabe.
Deun Agatena batzeko gatoz
aurten be igazko berberak
igaz lez hartu gagizun eta
zabaldu zuen sakela.
Ikastolako neska-mutilak
beharran aurkitzen gara
eskatzen dugu guretzat hobe
jarrai gaitezen aurrera.
Orain bagoaz alde egitera
agur dautsugu gogotik
Agate Deuna bitarte dala
ez eizu izan dongerik... EUP!!

Agate Deunaren egunean abesten.