Somorrostro Irakas-guneak Marcelo Gangoiti Sariaren XVIII. edizioa antolatuko du

Somorrostro Irakas-guneak Ezkerraldean zein Meatzaldean garatzen den enpresa eginkizuna saritzen duen Marcelo Gangoiti Saria emango du, urtarrilaren 17an, eguerdiko 12etan.

Marcelo Gangoiti Saria urtero ematen zaio, 1996ko lehen ediziotik,  Ezkerraldean edo Meatzaldean dagoen eta bere enpresa eginkizunagatik nabarmentzen den enpresa bati.

2011an  SPRI, Bizkaiko Foru Aldundia, Cebek eta Somorrostro Irakas-gunearen ordezkariek osatzen duten Marcelo Gaingoiti sariketa-epaimahaiak Petronorri eman zion saria arlo hauek nabarmenduz: “findegiak azken 40 urteotan eskualdean izandako aurrerapen, garapen teknologiko eta sozioekonomiko handia; pertsonen garapenerako eta kalitatezko enplegua sortzeko prestakuntza oinarritzat hartu izana eta Bizkaiaren aldeko apustua, lurralde honen historian zehar izan den industria-inbertsio pribaturik handiena tarteko”.

2012an Tecuni izan zen enpresa saritua “40 urteotan Ezkerraldean, Ortuellan, izandako jardueragatik, eta gizarte erantzukizunaren, berrikuntzen eta prestakuntzaren alde egindako apustuagatik”.

Edizio berri honetan Ezkerraldeko beste enpresa bat saritua izango da, Iñigo Urkullu lehendakaria mahaiburu izango den ekitaldian. Iñaki Perurena kirolari zein aktorea, 315 kiloko harria, lehen aldiz, jaso zuen gizona, bertan izango da gonbidatu berezi bezala.